PORROTAREKIN HASI
Lehenego urteko kadete gizonezkoen taldeak, UROLA KE PREMANKek, Hondarribian galdu zuen 2. faseko lehen partida.
Hondartza Kiroldegian jokaturiko partida orekatua eta sutsua izan zen. Bi taldeak gogo biziz lehiatu ziren, batek jo besteak erantzun aritu ziren eta une oro markagailua estua izan zen. Etxekoak hasi ziren agintzen bainan UROLA KE PREMANKeko mutilek ganoraz jokatuz partidan mantendu ziren eta hogeita bostgarren minutuan bi goleko aldea zuten, 10 eta 12. Orduan iritsi ziren horitxoen minuturik okerrenak eta baloi batzuk galtzearen ondorioz atsedenaldira 15 eta 14 galtzen zijoazelarik heldu ziren.
Bigarren zatia lehenengoaren antz handia izan zuen. Etxekoak markagailuan nagusi eta bazirudien garaipenak ez ziela alde egingo. Baina bisitariak suspertu ziren eta amaierarako bost minutu faltan norgehiagoka 28na berdintzea lortu zuten. Ahaleginak ordean eragina izan zuen Jose Anjelen mutilengan eta nekea nabaritzen hasi ziren. Ondorioz aukera garbi batzuk hutsegin zituzten eta hondarribitarrak egoera baliatu zuten markagailuan hiru goleko aldea ezartzeko. Urretxu-Zumarragakoen azken ahaleginak ez zuen fruiturik eman eta amaieran partida 33 eta 29 galdu zuten.
Gure mutilek aurreko asteburuan baino partida askoz hobea jokatu zuten. Ez zituzten pase errazak galdu, defentsan sendoago aritu ziren eta erasoa ere arinago izan zen. Aurrez aurre bigarren urteko jokalari dezente zituztela kontuan izanik, ulergarria izan daiteke azken unean fisikoki behera egitea. Amaierako aldea gehiegizkoa izan daiteke partida zehar ikusi zen oreka kontuan izaten badugu.
Taldearekin bidaitu zuen zalego taldetxoa besteetan baino txikiagoa izan zen, agian zubiak eta larunbata goizean jokatzeak zerikusi izango zuen. Hala eta guztiz ere etengabe animatu zituzten mutilak eta izan zuten giroagatik hondarribitarren zalegoaren zorionak jasotzeaz gain, itzuliko partidarako hitzordua egin zuten.
Laburbilduz oso norgehiagoka polita, borrokatua, jokoz ona eta adeitasunez eta kirol legez jokaturikoa ikusi genuen. Goiza borobiltzeko Hondarribian txakolin batzuk hartzeko betarik ez izana eta batez ere bi puntuak etxera ez ekartzea falta izan ziren.