Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Porrota Gasteizen


Lau hilabeteren ondoren UROLA LAZTIk partida galdu zuen (32-31) eta igoera faseko sailkapena estutu.


Asteburu honetan gure mutilek Bigarren Nazionalerako igoera fase honetako talde arabarra bisitatu zuten puntuak gehitu eta sailkapen buruan mantentzeko intentzioarekin. Hala ere, gure mutilak ez ziren aho zapore onarekin itzuli, bigarren zati negargarri baten ondoren bi puntuak bidean utzi baitzituzten.

Partidan zehar agerian geratu zen gure taldeak aurreko bi asteetan partidarik jokatu ez izanak eragin zien erritmo eza. Lehen minutuak batere kontrolik gabeak izan ziren, inor ez zen aurkaria baino gehiago eta honek ez zuen markagailuan tarterik izatea ahalbidetu. Jokalarien artean tentsio handia zegoen, talde baten erasoei berehala besteak erantzuna ematen ziolarik. Lehen zatiko erdialdera ordea, gauzak apur bat lasaitutakoan, etxekoak bi goleko aldeaz aurreratu ondoren, horitxoek 0-5 partziala burutu zuten. Defentsako lana izugarria izan zen, kontraeraso bizi-biziak posible egin zituena eta atsedenaldira sosegu handiagoz joateko aukera eman zuena. 15-20

Baina beste hainbatetan bezala, igoera fase honetan lurralde bakoitzeko onenek jokatzen dutenez, azken segundora arte borrokatu behar dela argi geratu zen. Bigarren ekinaldia guztiz desberdina izan zen. Alde batetik, Urolakoen atzealdeko lana oso biguna izan zen eta arabarrek zailtasun handiegirik gabe lortzen zituzten golak. Bestetik, erasoan ere, kamuts jardun ziren gureak, izan ere, gasteiztarren defentsa aurreratuak, asko zaildu zien lana gure mutilei, gol bat sartzeko sekulako lana egin behar zutelarik. Egoera honetan etxeko taldeak norgehiagoka amitzeko sei minutu faltan berdinketa lortu zuen. Dema amaitzeko minutu eskas bat baino gutxiago falta zela, epaileak joko geldoa adierazten ari ziren bitartean eskuratutako gol bati esker, aurretik jarri zen Gasteizko Corazonistas. Abantaila honi buelta emateko aukera izan zuen arren, gure taldeak azken jaurtiketa zutoinera bota zuen gehiagorako denborarik ez zegoela.

Partida galtzeak min egin du gure taldearen inguruan. Iazko abenduaren 20an Donostian galdu zuten partdidaz geroztik garaipena besterik ez zuten ezagutzen, Ormaiztegin liga titulua eman zion berdinketa salbu. Halaber, porrotetatik ondorio onak atera daitezke, eta oinak lurrean jarriz, Bigarren Nazional mailara itzul gaitezen lanean gogoz jarraitzeko balio digu. Horretarako datorren jardunaldian, zubia aprobetxatuz, hiru egunetan bi partida jokatutuko ditu gure taldeak. Lehena etxean, Zarauztarren aurka, eta ondoren Erandion.