Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

INFANTIL GIZONEZKOAK GARAIPENEKIN BERRAURKITU DIRA

alt

JD Arrate "C" taldea 21 eta 18 garaitu dute.


Aurreko bi asteetan lehenengo herenak izan zuen garrantziaz jabetuta Ikeren mutilak partidan sarturik kantxaratu ziren eta zatiaren zehar jaun eta jabe izan ziren. Defentsan sendo, aurkarien jokoa lotzea lortu zuten. Erasoan eraginkor agertu ziren bai kontraerasoetan, bai eraso estatikoetan. Markagailuan aldea erraz eta azkar lortu zuten eta lehen zatiaren amaierara hamar eta hiruko argi batekin iritsi ziren.

Bazirudien partida erosoa izango zela, baina bigarren zatian eibartarrak nagusitu ziren. UROLA PREMANKeko mutilek sendotasuna galdu zuten defentsan. Laguntzak ez ziren lehenengo zatian bezala iristen eta aurkariek errazago aurkitzen zituzten barneraketak egiteko tarteak. Erasoan berriz horitxoek jokoa ongi antolatzen zuten, jaurtiketak egin ahal izateko lekua ongi lortzen zuten, baina jaurtiketak egiteko unean kale egiten zuten gure mutilek. Sei metroko marratik jaurtiketa ugari kanpora bidali zituzten, eta beste asko zutoinetara edo atezainaren gorputzera. Horrela bisiteriek pixkanako markagailuan gerturatzen joan ziren eta bigarren herenaren amaierara hamabost eta hamalauko estu batekin iritsi ziren.

Azken eta hirugarren herena lehengoaren antzera hasi zen. Gure mutilek bi kontraeraso burutu zituzten eta markagailuan tarte txiki bat zabaltzea lortu zuten. Hortik aurrera defentsak erasoei nagusitu zitzaien eta gol gutxiko zatia ikusi genuen. Urretxu-Zumarragakoak defentsan sendotasuna berreskuratu zuten, baina erasoan jaurtiketa errazak hutsegiten jarraitu zuten. Amaieran hiru goleko aldeaz (21-18) garaipena etxean gelditu zen.

Aipagarria, beste behin, zalegoen portaera. Denboraldi osoan mutilak ederki animatu dituzte eta jardunaldiak aurrera joan hala geroz eta antolatuago daude. Lehenengo oihuka aritzen ziren, ondoren dunbala eta turutak agertu ziren eta atzokoan, guzti horiei, megafonoa eta bandera gehitu behar dizkiegu. Bikain beraientzat, naiz eta larunbatean eibartarren gurasoek gauzak zail jarri zizkien.