ASTEBURUAN TALDE GUZTIEK JOKATU DUTE
Asteburu honetan benjaminak eta alebinak nabarmendu nahi ditugu
Batez ere prestakuntzakoak diren maila hauetan emaitzak ez du garrantzirik eta bai eskubaloiaren oinarrizkoa ikasten joatea, taldea egitea, ohitura onak hartzea, pertsona eta kirolari gisa haztea…
Eskubaloi Eskolako haurrek, Oihanek eta Bidatzek entrenatuta, hamabostean behin izaten dituzte topaketak eta igande goizean hainbat partida labur jokatzen dituzte. Asteburu honetan, adibidez, Aloña Mendi KE, CD Bidasoa, La Salle Legazpi, Leizaran Eskubaloia, Pulpo EK, Saieko KE, Sanlo EKT, Urola EK, Zarautz KE eskolak elkartu dira Zarautzen eta primeran pasatu dutela ziurtatzen dizuegu.
Bigarren urteko kimuekin talde misto bat dugu osatua, eta hauek ere hilean bi partidak jokatzen dituzte. Jardunaldi hauek leihaketa itxura gehixeago dute, baina lehiaketa ez da helburua, lehen aipatutako helburuetan eragiteko bitartekoa baizik. Anderrek eta Juantxok entrenatutakoak ez dira batere gaizki ari.
Federatutako taldeei dagokienez, senior mailako hiru taldeek larunbatean Ispillan jokatu dute bata bestearen atzetik. UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO taldeko neskek bakarrik lortu dute garaipena, Goierri Garaiko derbian La Salle Legazpi gol bakar batez mendean hartuta.
Bigarren Lurraldeko taldeak, UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRIK, 29nako berdinketa lortu du, mailako tituloa lortzeko borrokan ari den multzoan lehen puntua lortuz.
Gizonezkoen lehen taldeak, UROLA EK LAZTIMENDIk, aurkari zaila du emaitza bolada txarra aldatzeko ahaleginean, multzoko hirugarren sailkatuak Ispilla bisitatu bai du. Beste behin ere, taldea lehiakorra izan da, batez ere lehen zatian, eta hiru goleko abantailarekin bukatu du, baina bigarrenaren hasiera kaskarrak zigortu ditu.
UROLA EK ANTONIO ARANZADI, gizonezko jubenilak, Bergarara egin duen bisitan gol bakar bateko aldeaz erori da.
Aurreko asteetan esan genuen UROLA EK RSA, gizonezko kadeteak, taldea duin ari zela lehiatzen Euskadiko Txapelketan, eta asteburu honetan iritsi da hori ziurtatzen duen garaipena. Ereintza gainditu du Errenterian 27 eta 28.
Emakumezko kadete mailan poztasun bikoitza, bi taldeek, UROLA EK EUTSIk eta UROLA EK GOIERRIBUSek, beraien partidak irabazi baitituzte.
Infantil mailan ez da jardunaldi ona izan emaitzei dagokienez. Lau taldeek Ispillatik urrun jokatu dute eta UROLA EK taldeko neskek bakarrik lortu dute puntu bat, Zumaian 17na berdinduta.