UROLA KE-LAZTIren bigarren porrota jarraian.
Urretxu-Zumarragakoak etxetik kanpo partidorik galdu gabe zeuden, baina Egiaren aurka galdu ostean, igoerako postuetatik kanpo amaituko dute urtea.
Asteburu honetan, UROLA KEko lehen taldeak Donostiako Egiaren aurka jokatzen zuen. Aldez aurretik ez zirudien partidua zaila izango zenik eta bi puntuak Ispilla aldera ekartzeko aukera handiak ziren arren, ez zen horrela gertatu eta 28-24 galdu ondoren gure mutilek esku hutsik itzuli behar izan zuten.
Partidoaren hasiera bisitarientzat izan zen, horrela 1 eta 5 aurreratu ziren eta bazirudien partidoa aurrez igerritako ildotik joango zela. Baina, urolatarrak hasierako jokoari eutsi ez ziotela eta etxekoak eraso batzuk ongi amaitu zituztela kontuan hartuta, markagailua laster orekatu zen. Etxeko taldeak aurreratzea ere lortu zuen, baina aldea handiegia ez zenez, UROLA LAZTIkoek lehen zatiaren amaiera aldera partidoa berdindu eta atsedenaldira bi goleko abantailaz (13 eta 15) iritsi ziren.
Bigarren zatian bisitariek aldea handitzeko aukerak izan zituzten, baina etxekoen atezainak gure mutilen jaurtiketak gelditzen hasi zen eta bere taldea partidoan sartuta mantenu zuen. Egiatarrak aurretik jartzea ere lortu zuten atezainaren lan on horri esker. Norgehiagokaren azken minutuetan horiak ezinean aritu ziren eta ezintasun horren ondorioz, bi minututako kaleratze bikoitzak eta txartel gorriak iritsi ziren. Etxeko taldeak aldea handitzeko baliatu zuen egoera eta epaileak amaiera adierazi zuenean, markagailuak 28 eta 24koa adierazten zuen.
Partidoak ba du, hala ere, irakurketa positiborik. Defentsako lanean hobekuntza bat nabaritu zen eta orain erasoan berdin egiten asmatu beharra daukate gure mutilek. Batez ere jokaldiak gehiago landu eta jaurtiketak hobeto hautatu behar dituzte eta ez presaka aritu.
Jardunaldi honetako emaitzen ondoren, UROLA KE-LAZTIkoek bostgarrenak dira sailkapenean eta igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten postuetatik at dira. Gabon aldian atseden dagoela baliatuz, gure taldeko arduradun eta jokalariak azken porroten zergatien arrazoiak aurkitzen saiatu behar dute, denboraldiaren azken garai erabakiorrari indarberriturik ekiteko.